XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Basotik basora zabaldu zen lehiaketa berriztatuaren albistea.

Suizaraino, Kanadaraino, Errusiaraino... noraino iritsi ez ote zen Xixilio bandojotzaileak zabaldutako notizia xelebrea!.

Zipriztin ireltxoak ere Laurgaingo basoan zuen pago gainetik entzun zituen Xixilioren deiak, pago gailurrak utzi eta han behetik zebilen laguntxoarengana jo zuen.

- Hazkazalmotza! Entzun al duk? Oraindik basoan ez dira nitaz ahaztu.

Nor ote zen basotik zebilen hazkazalmotza? - Baina, adiskide! Zer egiten duk negar-zeinuka jarri eta?.

Hazkazalmotza eta negartia gainera! Nor ote genuen pagadian zehar zebilen hazkazalmotz negartia? Ez al dakizue? Orain esango dizuet. LAURGAINGO BASAKATU BIZKORRENA!.

- Ez dakizu, Zipriztin - suspiroz eta sentipenaz ari zen gure basoko basakatua.

- Zer jakin behar dugu, esan! - Nire aita errietan hasten denean... beno! nahiago hemen, belarri zuloan, larrabehiaren marruak entzun! - Jakina. Zu ere halamodukoa zara eta. Ezin hazkazalak bakean utzi.

Jakin zertarako dituzuen eta hor zabiltza, ris eta ras, hazkazalak jaten beti.

- Ustekabean zaletzen zara eta orain utzi ezin.

Entzun ditzagun aita baten esamesak eta marmarrak.

- Horrekin behintzat alferrik gabiltza.

Onez hartu ala txarrean hasi, berdin dela.

Gure hazkazalmotza berean beti.

Setatsu zikina! Lehiaketan parte hartu besterik ez eta horrela nola? Hazkazalik ez eta lotsagarri ibili behar donibane-zuhaitzetan! Zerbait asmatu beharko dugu.

Zipriztin ireltxoak eman zion Oiartzungo intxisuaren sekretua; zer, eta ukendu nazkagarriena prestatzea.

- Ea, lagungarri gerta dakiguken ireltxoaren ideia.

- Lurrezko ontzitxoa.

- Simaur salda, nahasian pipermin hautsak, baratxuri aleak, oilo zirinak, tantaka, tantaka....

- Horrelaxe! Segidan sorgin-belarrak, txispa-ostoak eta azkenik sutara, dena ongi egosi arte!.

Ukendua moldatu eta hura zen ustel kiratsa!.

Nazka-nazka eginda ihes joan ziren auzoko animaliak.

- Aujjj! Aujjj! - Iluntzerako etxean zegoen basakatu hazkazalmotza.

Haren ezustea ere galanta izan zen.

- Aujjj! Aujjj! Hau gonbitolarria! - Hator, hator! Seme! Sudurzuloak itxi baina hator sukaldera.

Eta ris-ras, ris-ras! Ukenduaz igurtzi zituen aitak hazkazalmotzaren lau hatzaparrak.

- Segi orain hire hazkazal jateko maniarekin.

Afaldu gabe ohera. Ukenduaren kirats hura zela bide, etxe hartan afalduko zuen basapiztirik ez zegoen eta.

Baina denboraz denera ohitzen gara eta zerbait egin behar denbora pasatzeko eta hazkazalmotza, hatzapar batez sudurrak ondo hestutu eta ukendua miazkatzen hasi zen.

- Uffff! Ukendu honek difuntu usaina izango du, baina, Alafede! Gustoz ez da hain txarra!.

Eta ñam, ñam, ñam miazkatuz eta xurgatuz txukun eta garbi utzi zituen bere lau hatzaparrak.

- Orain hazkazalak jan eta kito! Gero gerokoak!.

Gerokoak ekaitz gogorrenen trumoiak eta tximistak izan ziren hazkazalmotzaren etxean entzun zirenak.